XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sukaldetik aulki bat hartu eta sehaska ondoan jarri ondoren, bertara igo nintzen.

Zeinen pottoloa zauden esan nion, besoetan hartzen ahalegintzen nintzen era berean.

Ezin izango zaitut hemendik atera.

Bai, azkenean ahal nuen indar guztiekin besoetatik tira egin eta lortu nuen haurra sehaskatik ateratzea, baina biok lurrean bukatu genuen.

Zorionez, ez genuen minik hartu eta nire lanean jarraitu nuen.

Berriz ere besoetan hartu eta... buuuuuuu... apuuuuuuu... apuuuuuuu... pitxirripitxitxi... txipirripitin... eta horrelako txorakeriak egiten hasi nintzen, aitak egin ohi zuenaren antzera.

Honela jardun nuen zenbait minutuz, baina JOKU hark azkenean aspertu egin gintuen eta bere barre algarak negar bilakatu ziren.

Negar eta negar eta ezin isilarazi.

Orduan, lehengusinaren PANPINA etorri zitzaidan burura eta arropa kendu eta buelta eman nion bizkarrean kaxatxoren bat izango zuelakoan, baina ez nuen horrelakorik aurkitu, kaka usain izugarria zelarik topatu nuen bakarra.

Ah! Hori al da?! Ziurraski bainatzeko gogoa izango duzu, ez da? esan eta amak goizero bainatu ohi zuela gogoratu nuen.

Tenperatura egokian zegoen urez bainuontzia bete eta nire panpinatxoa dagoeneko biluzirik nuelarik, uretara sartu nuen.

Hain gorputz txikiarentzat hark bainera baino igerilekua gehiago zirudien.

Esku batekin haurrari eutsi eta bestean esponja nuelarik, anaitxoa garbi-garbi egiten ari nintzelarik izugarri ongi pasatzen ari ginen; berak batean txanpu botila hartu, bestean jaboia, hurrengoan... ezin hobeto pasatzen ari bait zen eta niri ere, goitik-behera bustita egon arren, izugarri gustatzen zitzaidan ordurarte ezezagun zitzaidan joku berri hura.

Plisti-plasta, poz-pozik ari ginelarik, txirrina entzun nuen.

Ah! aita eta ama izango dira. eta korrika joan nintzen atea irekitzera.